XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dizut iñoiz ere esan, zer dan neretzat, nere barrurako, izen gogoangarri ori.

Oraintxe esango dizut.

Guztiok degu, gure kolkorako, bakoitzak geren edestitxoa.

Eta txikitakoa guztietan gogoangarriena.

Edesti kutuna.

Edesti apala.

Bañan edestia.

Nik ez dakit beste nun eta nun diran Sagartzazu izeneko baserriak.

Oiartzun'en degu bat guk.

Errenderi-Astigarraga-aldean.

Antxe, Samarko'ren babesean Bastida, Zamora, Egieder, Sagartzazu...

Etxalde bikaña Sagartzazu.

Eguzkialde-eguzkialde.

(Egutera esaten diogu guk).

Eguzkiak, atera orduko betaz-beta jotzen duan baserri ondo ezarria.

Lau kantoikoa.

Urrutietatik ere ageri.

Orain ez dakit ala dan; bañan gure txiki-denboran, gerezi-leku bikañenetakoa zan Sagartzazu.

Eta ontara ninjoan nere zearkamearka luze guzti onekin.

Sagartzazu, neretzat, orixe dala, orixe izango dala beti eta zu ere bai, adiskide Klaudi: Sagartzazu - gerezitegi; gure txikitako gerezitegi.

Gerezitegi, urte-sasoi onetan loratu, zuri-zuri loratu eta xoxo ta billigarra-koka-leku gañera, kantuz goiz-goizetik alai.

Al zera besterik guretzat zu, adiskide Sagartzazu? zu ta zure olerkiak?

Gerezia. Gerezia loretan. Gerezia ale gorri-gorritan.

Gerezi umo, gerezi ongi eldu, ikusi utsez aoa ur biurtzeko gerezi umo, eldu-eldu...

Eta goiz-txori kantari...

Goiz-txori oni buruz, esango nuke beste zer-edo-zer ere.

Bañan ez noa Idazki Idiki au geiegi luzatzera.

Goiz asi ziñan zu ere kantuan.

Gazte-gazterik.

Zure barruko sentierak kantari.

Eta oraindik ere lengo, betiko ozen eta goiztiar jarraitzen dezu zure arlo zerutarrean jarrai.

Kantari.

Zurekin asitakoak, asko, geienak, ixildu ziran.

Eltzo ta Zubigar ziranak dauzkat orain gogoan.

Eltzo Astigarraga'koa, ta Zubigar Lezo'koa.

Jaungoikoa'k eraman zituan, zeru ederrean kantuz jardutera, emen oi zuten zerutar jario ta etorri ber-berarekin.